BARATZE FOROA - FORO HUERTO

BESTELAKO INFORMAZIOAK - OTRAS INFORMACIONES

Er: BESTELAKO INFORMAZIOAK: UNIBERTSITATEAN ERE BARATZETIK IKASTEN

Edurne Huesa -
Erantzun kopurua: 0

 

UNIBERTSITATEAN  ERE  BARATZETIK  IKASTEN

 

 

 

Arabako Campuseko Baratze Ekologikoaren proiektua duela zortzi urte inguru jarri zuten martxan, hainbat irakasle horrelako espazio baten beharraz ohartu zirenean. Proiektuak lehen pausoak orduan eman bazituen ere, duela bost urte eman zuen jauzi garrantzitsua: unibertsitate ondoan dagoen komentuari lur zati bat alokatu eta bertan hasi ziren baratzea lantzen.

Baratzea ikasgai eta ikergai

“Ikasleentzako natura gela behar genuen, eta aldi berean, honelako gune batek bestelako erlazio ereduak sortzeko eta ikerketarako aukera berriak ere eskaintzen dizkigu”, dio Dani Zuazagoitia irakasle eta baratzeko partaideak. Euskal Herriko Unibertsitateak jasangarritasuna sustatzeko duen Campus Bizia Lab proiektuaren baitan dago Arabako baratzea.

Proiektua hiru lerrotan jorratzen dute: lehena ikasgai praktikoena da: fakultate guztietako ikasleek praktiketarako erabiltzen dute baratzea. “Esaterako, lurra aztertzen duten ikasleak ari dira praktikak bertan egiten”. Bigarren lerroa ikastaroena da: baratzegintza ekologikoarekin lotutako ikastaroak antolatzen dituzte urtero. Eta azkenik, ikerketaren lerroa dago: “Psikologiaren mundutik, didaktikarenetik, soziologiarenetik… ikertzeko beste eremu bat da hau. Esaterako, nolakoak dira ikasleen arteko, eta oro har, gizakion arteko harremanak horrelako inguruneetan?”.

Hiri baratzegintza bultzatzen

Aurten ere “Hiri baratzegintza ekologikorako hastapen ikastaroa” antolatu dute Campuseko baratzean. Unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileek lehentasuna duten arren, edonorentzat irekia egonen da. Martxotik aurrera, zortzi saio egingo dituzte, eta alde teoriko eta praktikoa izanen ditu: nola diseinatu eta landu ortu ekologiko bat, zeintzuk diren mantenu lanak, nola aprobetxatu hondakin organikoak konpostaren bidez, zeintzuk diren sasoiko produktuak, landareen eta gure osasuna nola uztartu… hamaika irakaspen jasoko dituzte partaideek.

Eta ortutik jasotzen dituzten produktuekin zer? Honela dio Zuazagoitiak: “Neguko bankala jartzen dugu normalean: ilarrak, babak, tipulak, berakatzak eta abar jasotzen ditugu. Eta, gehienetan, ikasleak eurak dira baratzeko fruituak etxera eramaten dituztenak”.

 

ITURRIA: Argia  aldizkaria