1. SARRERA

ENERGIA SARRERA

ENERGIA: BIZITZAREN MOTORRA

Une honetan energiaren gaiak izugarrizko pisua hartu du gizarte arloan, nabarmenduz gizakiak harekin duen erlazioa eta harekiko duen beharra eta agerian utziz izakiak ekodependienteak garela. Izan ere, gure gizartearen antolaketaren oinarrietako bat da energia.

Energiarekiko dugun menpekotasun hau, alabaina, testuinguru berezian ematen da gure inguruan. Izan ere, egunerokoan erabiltzen dugun energiaren iturriak kanpokoak izaten dira (%90 inguru). Hala, horiekiko dugun menpekotasuna oso handia da.

Energiaren gaiak, lotura zuzena du eguneroko edozein jarduerekin. Batetik, bizitzaren oinarria da, izaki bizidunen prozesu fisiologikoetan garrantzi berezia duena. Bestetik, mundu mailako mugikortasunean bakarrik ez, baita aurreneko sektoretik hasi eta hirugarren sektorerainoko jarduera ekonomiko guztietan lehengaia da. Horrez gain, etxebizitzetan eta ikastetxeetan egunerokoan presentzia nabaria duen gaia da. Honakoak dira egungo energiaren datuak EAEn:

Industria: %61, hirugarren sektorea: %19 , garraioa: %17 , administrazioa: %3 (EVEren 2020eko txostena). Dudarik ez da une honetan gizartean gaiak hartu duen pisua ez dela nolanahikoa. Batetik, elektrizitatearen, gasaren eta beste hainbat erregairen prezioen igoera dela eta. Bestetik, Ukrainiako gerrak sorturiko energia dependentzia agerian utzi duelako, baina horrez gain, gizarte mailan agerian gelditzen ari den pobrezia energetikoari aurre hartzeko, hainbat proiektu ari dira jartzen martxan. Hori gutxi ez eta, energia subiranotasunaren aldeko apustua egiten ari dira. Hala, herritarrak beste mota bateko kudeaketa ari dira eskatzen. Askotan, herri mailako energia iturri ezberdinak indartu nahian, bai herritarrak taldeetan antolatuz edota Udalak berak ardura hartuz eremu horretan. Era berean, energia horiek lortzeko gizakiak sortzen duen inpaktua ere mahai gainean jarri da, erregaien eta larrialdi klimatikoaren lotura zuzena azpimarratuz. Argi geratzen da, beraz, energiaren gaia hainbat ikuspuntu desberdinetatik jorratu daitekeela eta lotura estua duela beste gai batzuekin: ekoizpen eta kontsumo jasangarria (GJH11), larrialdi klimatikoa (GJH13), pobrezia (GJH 1), bakea (GJH1 6 ), energia subiranotasuna, deshazkundea. Horrek talka egiten du, ordea, hezkuntza mailan energia gaiaren lanketa urriarekin.

Energiaren gaiak, sarri sortu izan du kezka hezkuntza mailan, Haur Hezkuntzako edota Lehen Hezkuntzako ikasleekin landu ahal izateko. Gaiaren konplexutasunak, eta energiaren  kontzeptua ulertzeko zailtasunek, sarri, gaia adin txikikoekin ez lantzea ekarri du. Ordea, adituen esanetan, energia lantzeko modu berriak eta erakargarriak sortu dira azken urteetan eta ezinbestekoa ikusten dute energiaren kontzeptua mahai gainean jartzea, adinean gora egitean energiarekin lotutako kontzeptu konplexuagoak landu ahal izateko (Learning progressions).

Hori dela eta, hurrengo puntuetan, hezkuntza mailan energiari loturiko kontzeptu ezberdinak lantzeko proposamenak bidaltzen zaizkizue. Betiere, proposamen irekiak, ikastetxe bakoitzak bere baldintzetara eta egoerara malgutasunez molda ditzan.