15.GIH. ZELAIAK, LARREAK ETA LANDARE-ITSUTASUNA

1. SARRERA


EGOERA EKOSOZIALA:

Zelaien eta larreen desagertzea, eta landare-itsutasuna: gizarte urbano baten ondorio?

Zelaia


TESTUINGURUA:

Azken hamarkadetan urtez urte joan da aldatzen inguratzen gaituen paisaia. Pixkanaka, herriek eta hiriek hartzen duten azalera handituz joan da, eta eremu urbanoak, zabaltzen. Landa eta baserri-eremuak etxebizitzez beteriko auzo bihurtu ditugu, eta azalera txikiko nekazaritzak, estentsiboa deitzen diogunak indarra galdu duen heinean, joan dira desagertzen gure egunerokotasunetik horren ohikoak eta ezagunak izan diren zelai, belardi eta larreak.

Haiek gertu izatetik, urruti edukitzera pasa gara. Ez ditugu jada ikusten, eta are gutxiago, ezagutzen. Hala, haien desagerpenarekin paisaia mota bat ari da galtzen. Habitat aniztasunean laguntzen duen paisaia bat, eta, era berean, biodibertsitatearentzat onuragarria dena. Paisaia aniztasunak espezie aniztasuna baitakar. Horrez gain, ordea, zelaien eta larreen desagerpenarekin ari dira joaten bizitzeko modu bat, kultura bat, eta hari loturiko ahozko ondare bat.

Egungo gizarte urbanoan zaila da azaltzea jada zelai eta larre guztiak ez direla berdinak. Badirela, esaterako, abereen bazkarako erabili direnak, edota belarra mozteko aproposak direnak. Badirela ere, iratze-lekuak izeneko guneak, zeintzuetan abereen azpiak egiteko erabiltzen zen garoa mozten zen bertan. Zaila da azaltzea, duela hamarkada gutxi arte, baserri askotan ezinbestekoa zela iratze hori urtea aurrera atera ahal izateko, eta “iraila”k ere horri zor diola bere izena. Iratzea mozteko hilari, hain zuzen. Izan ere, zelaietatik eta larreetatik urruntzen hasi garenean, hasi gara naturatik aldentzen, eta gizakiak ingurumenarekin izan duen harremana gero eta urrutiago ikusten.    

Eta hargatik, ikerketa ezberdinen arabera, gero eta gutxiago ezagutzen ditugu gure inguruko landareak. Izan ere, landareak ez zaizkigula interesatzen diote azterketek, eta arreta ez jartzeaz gain, ikusi ere ez ditugula egiten jada. Izena ere jarri diote adituek gertaera horri: Landare-itsutasuna. Gure inguruko landareak ez ezagutzea, ez ikustea da landare-itsutasuna.

Hartu dezagun, beraz, aukera hau bizi garen eremuan, izan hiriko parkean, izan zelai inguruan, edota herriko larre zein iratze-lekuetatik gertu, ekosistema eder horiek hobeto ezagutzeko. Iraunkortasunerako bidean, gure ezagutzak paisaia berezi hau beste begi batzuekin begiratzen lagunduko digu, eta zientzia eta ezagutza uztartuz, ikasleak konpetentzia zientifikoan trebatzen lagundu ditugu. Hala, pixkanaka-pixkanaka hasiko gara ikasleak naturara gerturatzen. Ezagutzatik eta hezkuntzatik.